Egitasmoak

Egitasmoak

Euskalgintza modernoaren esperientziaren sintesia

ikastoletako lehen irakasleak

Bost urteren buruan ibilbide hori zein horren argi-ilunak modu logiko eta koherentean azalduko dituen 12 DVD eta liburuxkaz osatutako bilduma argitaratuko dugu. Bilduma horrek Euskal Herrian euskararen inguruan gertatu den eraldaketaren berri emango du eta hizkuntzaren garapena eta sustapena bultzatzen dabilen mugimendu osoaren ekarpenen isla izango dira.

Bilduma horretako lehenengo DVD-liburuxka, Euskara Mundua deitu dioguna, 2010aren hasieran argitaratuko da. Bertan, euskalgintza bere osotasunean aztertuko da. Modu kronologikoan, esparru ezberdinetan garatutako estrategiak eta ekimenak bilduz. Mugimendu osoaren argazkia izango da eta 4 hizkuntzetan (euskara, gaztelera, ingelesa eta frantsesa) argitaratuko da.

Gainontzeko DVD-liburuxkek gizarteko esparru desberdinetan euskarak azken 50 urteetan izan duen bilakaera jasoko dute. Horretarako 8 esparru bereizi ditugu: Hezkuntza, Komunikabideak, Administrazio Publikoa, Lan Mundua, Herri Mugimendu Nazionalak, Herri Mugimendu Lokalak, Kultur Ekoizleak eta Corpusa. DVD-liburuxka bakoitzak esparru horietako baten azterketa eta bilakaera bilduko ditu.

Horrez gain, euskalgintzaren bilakaera osatzeko, beste hiru argitalpen monografiko ere egingo dira: soziolinguistikaz, hizkuntz ekologiaz eta pedagogia-materialgintzaz.

Hizkuntza berreskuratu nahian dabiltzan herri indigenentzako ez ezik, euskalgintzaren esperientzia mundu mailan aurkezteko eta ezagutarazteko egiten diren konferentzia eta kongresuetarako erabilgarria izango da bilduma hau. Gurean, unibertsitate eta ikastetxeetan dagoen hutsunea beteko luke, ezagutu beharreko ibilbidea baita euskarak egin duena, aurreratu duguna baloratzeko eta aurrerapauso horien arima izan direnak ezagutu eta gogoan hartzeko. Ezinbesteko materiala izango da etorkizuneko ikerketetarako eta belaunaldi berriek Euskal Herriaren iragana ulertu ahal izateko.

atzera itzuli
© 2009 Garabide · Jose Arana 13. 20540 Eskoriatza, Gipuzkoa / Zumar Parkea 4, 2. 48200 Durango, Bizkaia · Tlf: 943 250 397
A | xhtml | CSS - Iametza Interaktiboak garatuta