Egitasmoak

Egitasmoak

Hedabideei buruzko DVD-liburua bidean!

Garabideren hirugarren liburua, hedabideei buruzkoa hain zuzen, laster izango dugu esku artean.

Aditu Titulua Agur ekitaldia. Mila esker guztioi!

Bolibiako UNIBOL unibertsitateari aholkularitza

Unibolen inaugurazioa

Horretarako Garabide elkarlanean dabil Bolibiako Hezkuntza Ministerioarekin, Mondragon Unibertsitateko Huhezi Fakultatearekin eta Universidad Indígena Originaria Intercultural UNIK-Kawsay-rekin.

Lau erakundeen artean aholkularitza eta formazio kurtsoen diseinua egin da unibertsitateko komunitate talde ezberdinentzako.

UNIBOLeko talde eragile eta eratzailearentzako:

  • Euskal Herrian unibertsitateen garapenean esperientzia duen taldeak aholkularitza tekniko iraunkorra egingo dio.
  • UNIK-Kawsay Unibertsitateko kideek euren jatorrizko hizkuntzetan alfabetizatu eta trebatuko dituzte.
  • Euskal Herriko aholkularitza taldeak, irakasle-eskola, kazetaritza, filologia eta enpresa komunitariotarako ikasketen fakultate berri baterako hemen metatutako jakintza transferituko du.

UNIBOLeko irakasleei:

  • UNIK-Kawsay Unibertsitatea taldeko kideek euren jatorrizko hizkuntzetan alfabetizatu eta trebatuko dituzte.
  • Huheziko hizkuntza eta hezkuntza departamentuen bidez “Jatorrizko hizkuntzan irakasteko Aditu Titulua” eskainiko die urtebeteko iraupena duen kurtsoaren bitartez.

UNIBOLeko ikasleei:

  • UNIK-Kawsay Unibertsitatea taldeko kideek euren jatorrizko hizkuntzetan alfabetizatu eta trebatuko dituzte.
  • Etorkizunean ikasle potentzialak izan asmoz, Garabidek Euskal Herriko D ereduko esperientziatik aholkularitza eskainiko dio Ministerioko Educación Intercultural Bilingüe-ko taldeari, jatorrizko hizkuntza hegemonikoa izango den eskola pilotuen sorkuntzarako.

Garabidek, Euskal Herrian eraturiko aholkularitza taldearekin eta Mondragon Unibertsitateko Huhezirekin elkarlanean, UNIBOLeko komisio eratzaileari aholkularitza tekniko iraunkorra emango dio eta komisioari zein UNIBOLeko irakasleei modulu bidezko formazioa urtebeteren baitan.

Sakoneko aldaketak Bolibian

Bolibian azken urte hauetan sakoneko aldaketak ari dira gertatzen. Berriena 2009ko urtarrilaren 25ean onartutako konstituzio berria eta berorrek ekarriko duen aldaketa: lehen aldiz herri indigenak eta euren kultura zein hizkuntzak aitortuak agertzen dira. Arazoak arazo sakoneko aldaketak gertatzen ari dira, antzinako herrien jakintzak, metodoak, sineskerak zein hau guztia egituratzen duten hizkuntzak lehen mailako presentzia hartzen ari dira. Bertako hizkuntzek status baxuena izan dute aspaldion eta aldaketa ez da erraza.

Bolibiarekin Garabidek izan duen hartu-emana azken hiru urteetan izan da. Batez ere Hezkuntza Ministerioko Hezkuntza Elebiduneko arduradunekin eta Oruroko departamentuko UNIK, Universidad Indígena Kawsay, erakundeko kideekin.

Dagoeneko Bolibiako Hezkuntza Ministerioko eta Oruroko Prefekturako pertsona ugari izan da Euskal Herrian eta nabaria da gure ibilbidea eta esperientzia oso baliagarritzat dituztela bertako arduradunek. Hizkuntzen berreskurapenerako hainbat saio, mintegi eta ikastaro eman ditugu azken bi urteotan. Bertako kideek gertutik eta ondo ezagutzen dituzte gure herriaren ibilbidea zein hemendik jaso eta baliagarri zaiena.

2008ko abuztuaren 2an Evo Morales Presidenteak UNIBOL (Universidad Indígena de Bolivia) sortzeko dekretua kaleratu zuen. Unibertsitate honek 2009ko martxoan hastekoak ditu eskolak, zazpi tituluz osaturiko ikasketa planaz, aimara, kechwa eta guaraniz, hiru fakultatetan.

Jatorrizko hiru hizkuntza horietan lan egingo duen unibertsitateak, jatorrizko jakintzak eta metodologia berreskuratu nahi ditu eta gehien bat produkziora begirako ikasketak eskaini beharko ditu. Jatorrizko hizkuntzan apenas egin da lanik oraindaino eta erronka handia dute.

atzera itzuli
© 2009 Garabide · Jose Arana 13. 20540 Eskoriatza, Gipuzkoa / Zumar Parkea 4, 2. 48200 Durango, Bizkaia · Tlf: 943 250 397
A | xhtml | CSS - Iametza Interaktiboak garatuta