Egitasmoak

Egitasmoak

Hedabideei buruzko DVD-liburua bidean!

Garabideren hirugarren liburua, hedabideei buruzkoa hain zuzen, laster izango dugu esku artean.

Aditu Titulua Agur ekitaldia. Mila esker guztioi!

Ekuadorko hizkuntzen azterketa eguneratua

Tsa'Chila herriko pertsonaiak

Quitoko PUCE unibertsitateko Hizkuntzalaritza Eskolaren egitasmo honen xede nagusia Ekuadorko bertako hizkuntzen azterketak eguneratzea eta mapa koropletikoak egitea da. Marleen Haboud iraskasleak zuzentzen duen Oralidad y Modernidad egitasmo zabalagotik eratorria da. Horren baitan honako lanak: hizkuntzen ahozko tradizioa jaso, arte tailerrak egin, ipuinak eta animazioak egin eta eman, hizkuntzak aztertzeko eta material didaktikoak prestazeko dokumentazioa bildu, eta hizkuntzok zein egoeratan dauden jakiteko azterketa. Duten hiztun kopura zehaztu, hiztunak non bizi diren kokatu, eta konparazioak eginez, hizkuntza bakoitzaren indarra eta mugikortasuna adierazi.

Ekuadorren diren hamahiru hizkuntzetatik, oraindik ere batzuk non hitz egiten diren zehatz-mehatz ez dakite, ezta ere azken hamarkadetan izan duten bilakaera, edota duten hiztun kopurua, izan elebakarrak zein elebidunak; eta hori horrela, nekeza izan da hainbat plangintza edo programa abian jartzea.

1950az geroztik egindako zentsuak aztertuko ditugu eta horien osagarri, elkarrizketak egingo dira komunitate bakoitzeko hiztun zaharren artean.

Mapen azterketa orokorretik ateratako informaziotik abiatuz hainbat azterketa egingo dira, hala nola hizkuntzen eguneroko erabilera alor ezberdinetan, ezagutzari buruzko ikerketa soziolinguistikoak, hizkuntzen gaineko jarrerak eta jarduerak, pertsona helduen lekukotzak, eskoletarako bisitak, eta abar, hizkuntza gutxitu bakoitzaren egoera zehatz jakiteko. Aztertzen lehendabizikoa Tsa’fiki hizkuntza izango da, Ekuadorko kostaldetik gertu bizi den Tsa’chila herrian.

Biltzen ditugun datuez mapa geo-linguistikoak egingo ditugu, hizkuntza bakoitzaren egoera adierazteko, zenbateraino isolatuak edo irekiak dauden erakusteko, eta hiztunen mugikortasuna adierazteko. Hirurak ere oso kontuan izateko faktoreak hizkuntzek bizitzeko beharrezko baldintzak dituzten ezagutzeko.

Horrelako atlasa egiteari hainbat alderdi on ikusten dizkiogu:

  1. Hizkuntzen kokapen eta mugikortasun zehatza jasoko du
  2. Konparazioak eginez, hizkuntzok joandako 60 urtetan izan duten bilakaera
  3. Hiztunei beren buruak aintzat hartzea erraztuko die, eta baita besteak ezagutarazi ere
  4. Hiztunek duten mugikortasuna eta aldaketak erakutsiko ditu, eta ondorioz, gizarte plan zuzenagoak ezartzea ahalbideratuko du
  5. Gerora egin daitezkeen hizkuntza gutxituon atlas soziolinguistiko zehatzetarako oinarri izan daiteke
  6. Hiztunen autoestimua bultzatuko du, hizkuntzei eusteko eta garatzeko bitartekoak jarriz
  7. Inguruko egoera soziolinguistikoekin konparazioak egiteko tresna izango da, oso garrantzitsua batez ere mugaz gaindiko hizkuntzen egoerak alderatzeko
  8. Arriskuan dauden hizkuntzak ikertzen ari diren herrialdeko zein nazioarteko erakundeentzako eredugarria da horrelako atlasa

Ikuspegi dinamikoa

Hizkuntzak beren testuinguruan aztertuko dituen ikuspegi dinamikoa izan nahi dugu, eta inguruak eragiten dizkien aldaketen aurrean hizkuntza gutxituen hiztunek beren rolak nola aldatzen dituzten ulertzea.

Ezinezkoa izango da hiztunen beharrei erantzutea eta populazio hauek beren ahotsa errekuperatzea, aurretik nor garen, non eta nola gauden eta gure arbasoen hizkuntzen benetako egoera zein den jakin gabe.

Kultura eta Hezkuntza Ministerioaren laguntza izango dugu eta baita Tsa’chila, Waorani eta Achuar herrietako Hezkuntza Elebidunerako zuzendaritzena ere. Eurekin elkarlanean jarraituko dugulakoan gaude, jasotako informazioak tresna berriak emango dizkigulako horretarako.

atzera itzuli
© 2009 Garabide · Jose Arana 13. 20540 Eskoriatza, Gipuzkoa / Zumar Parkea 4, 2. 48200 Durango, Bizkaia · Tlf: 943 250 397
A | xhtml | CSS - Iametza Interaktiboak garatuta