Esperientziak

Esperientziak

Hedabideei buruzko DVD-liburua bidean!

Garabideren hirugarren liburua, hedabideei buruzkoa hain zuzen, laster izango dugu esku artean.

Aditu Titulua Agur ekitaldia. Mila esker guztioi!

“Ba al dakizu zein den harri horren sexua?”

Iñaki Perurena eta indigenak

“Ba al dakizu zein den harri horren sexua?”― Halaxe galdetu zion Iñaki Perurena harri-jasotzaile handiari Garabideko truke programan parte hartu duen Carlos Yamberla kichwak.

“Nola? Nola?”― Galdetu zion Iñakik. “Bai, hor eskuartean dituzun bi harri horietako bat arra da eta bestea emea.”

“Kontxo!”― dio Iñakik. “Nik 16 urterekin harriak neskak baino gehiago maite nituen eta egia esan lasaitzen nau jakiteak harrietan emeak ere badaudela! Baina zein da arra eta zein emea?”

“Naturan elementu guztiek dute generoa. Mendi batzuk eme, mama kichweraz, dira eta ondoan arra, taita, izaten dute. Zuhaitzek ere berdin, hosto estu eta luzekoak eme dira eta zabalekoak arrak. Harriekin ere modu berean gertatzen da. Arinenak emeak dira eta feminitatearen ezaugarriak dituzte. Iraunkorrak dira, gogorragoak, goxoagoak eta berotasuna gorde eta emateko kapazitatea dute. Harri emeak sutara botaz gero ez dira apurtzen berotasuna jaso eta gorde egiten dute. Harri arrak ordea latzagoak dira eta errezago hausten dira, sutara botaz gero berotasunarekin txikitu egingo lirateke.”

“Ba nik pisu handiko harriak nituen gogoko,”― dio Perurenak, “baina neskazalea naiz eeehh!” Han izan ziren barre eta algarak!

Solasaldi hau Peru-Harri museoan izan genuen urrian egin genuen bisitan. Bertara joanak ziren Garabide Elkarteak gonbidaturiko hainbat herri indigenetako kideak. Eurak ere hizkuntza gutxitu baten jabe izaki, hilabeteko egonaldian euskararen esperientzia ezagutzen eta euren argi-ilunak konpartitzen ibili dira.

Jardunaldietan segituan jabetu dira euskaldunok euskarari, hizkuntzari, eman diogun zentralitateaz. Euskalduna euskara duena omen, baina galdera zorrotza egin digu bat-batean Jose Aurelio Mayak: “Nahikoa al da beraz zuentzat euskara ikastea euskaldun izateko? Hau da, polizia batek ETAren berri izateko euskara ikasten badu euskalduna da?”

Bere ideian sakonduz Peru-Harri museoan Iñakiri galdetu zion ea zein zen euskaldunen kosmobisioa, mundua ikusteko era?

Iñakik baserri kanpoan dituen dolmen eta kromletxetara atentzioa bideratu eta gure arbasoek harriz eraikitako hilobi megalitikoak direla aipatu zien.

“Badu bere logika”,― dio Gualbertok. “Guretzako harriak pachamamaren, amalurraren, hezurrak dira. Hilobi horietan beraz bat egiten dute gizakiaren eta amalurraren hezurrek.”

“Logika noski! Gure hizkuntzen logika ikaragarria da. Begira! Gorputzaren %80 ura da, ez? Hiltzean ura desagertzen da eta zer geratuko da? Hezurra, ez ura!”

Mario Amazoniako shuar-ak bota du hurrena! “Eta nola ulertzen duzue zuek heriotza zuen antzinako errealitatean?”

“Ui!”― dio Iñakik. “Hau azaltzeko Oteizara joko nuke. Hark zioen, estrella izarra, itz eta ar hitzen batura. Itz izan eta ar hutsa edo kosmosa, hau da, zerua dira. Euskal kulturan beraz gizakia ez da hiltzen, lekuz aldatzen da. Hiltzean izanak bere lekua lurrean utzi, igo eta hutsean, zeruan, kokatzen da izar moduan.”

Luze jo zuen solasaldiak. Guk gure baitan pentsatzen genuen askotan gugandik hain gertu dauden Peru-Harri bezalako espazioak zein gutxi ezagutzen ditugun eta aldi berean zein urrun gauden euskal kultura ezagutu eta zabaltzetik. Urgentziaz behar dugu euskal curriculuma gure ikastola eta ikastetxeetan.

atzera itzuli
© 2009 Garabide · Jose Arana 13. 20540 Eskoriatza, Gipuzkoa / Zumar Parkea 4, 2. 48200 Durango, Bizkaia · Tlf: 943 250 397
A | xhtml | CSS - Iametza Interaktiboak garatuta