Albisteak

Albisteak

Hedabideei buruzko DVD-liburua bidean!

Garabideren hirugarren liburua, hedabideei buruzkoa hain zuzen, laster izango dugu esku artean.

Aditu Titulua Agur ekitaldia. Mila esker guztioi!

Bukatu da Garabidek eta Huhezik antolaturiko Hizkuntzen Berreskurapenerako Aditu tituludun maisutza

Maiatzaren 2an 18 partaiderekin hasi zen Hizkuntzen Berreskurapenerako Aditu titulua Eskoriatzan, eta Abenduaren bukaeran bukatutzat eman dugu. Esperientzia ederra bezain aberasgarria izan da, eta balorazioa egiteko unea den honetan, Garabidek bere poza eta esker ona adierazi nahi du.

Mexiko, Ekuador, Kolonbia, Guatemala, Bolibia eta Wallmapuko (nazio maputxeko) partaideez osatu zen, ikasle taldea. Euretariko batzuk aurretik Garabidek antolaturiko Truke Programetan parte hartutako kideak ziren eta beste batzuk berriz lehen aldiz etorriak Euskal Herrira.

Hiru hilabetez hizkuntza gutxituen berreskurapenerako arlo desberdinak landu dituzte, ardatz moduan Euskal Herrian bizi izan dugun euskararen berreskurapen partzialaren esperientzia hartuta.

Hiru hilabeteko ikastaroan zehar asko izan dira jorratutako gaiak. Lehendabizi, hizkuntzen esparruan lan egiteko marko teorikoa landu zen: hizkuntz aniztasuna, hizkuntza eta nortasuna, hizkuntz ekologia eta soziolinguistikaren oinarriak aztertu ziren, besteak beste. Gerora, hizkuntzen berreskurapenerako baliagarri izan daitezkeen estrategia, metodologia zein erraminten inguruko gogoetak izan ziren ikastaroaren mami: hizkuntzaren estandarizazioa ta corpusa, hezkuntza, hedabideak, kultur ekoizpna, hizkuntz politika eta planifikazioa...

Gai guzti hauek jorratzeko, gainera, Euskal Herrian esparru bakoitzeko aritu eta adituak izan genituen irakasle: Belen Uranga, Iñigo Iñurrategi, Amaia Antero, Xabier Erize, Jon Sarasua, Iñigo Arteatx, Iñaki Martínez de Luna, Iñaki Arruti, Xabier Kintana, Andoni Barreña, Eneritz Garro, Aitor Zuberogoitia, Lorea Agirre, Iñaki Urruzola, Nekane Goikoetxea, Xabier Mendiguren eta Paul Bilbao, esate baterako.

Ikastaroa, dena den, teoriko hutsa izateaz harago, esperientzien elkartrukerako esparru izateko sortu zen, eta Euskal Herriko hainbat ekimen, elkarte eta esperientzia ezagutzeko parada izan zuten hemezortzi ikasleek. Hala bisitatu zituzten, besteak beste, Euskaltzaindia, Ikastolen Elkartea, Seaska, Goiena, Euskal Irrati Telebista, Argia, Bilboko Kafe Antzokia, Euskal Herriko Bertsozale elkartea, AEK, Emun, Txatxilipurdi Elkartea, Kontseilua, Topagunea, UEMA...

Euskal Herrian euskararen berreskurapenean eman diren urratsak eta urrats hauen emaitzak ikusteaz gain, ordea, ikastaroak izan du beste helburu bat ere: elkarren esperientziak elkartrukatzea. Izan ere, ikastaroko hemezortzi ikasleak jatorri ezberdinetakoak dira, hizkuntza ezberdinetako hiztunak, eta bakoitza bere komunitateko eragile den neurrian, elkarrengandik ikasteko aukera ederra izan dugu denok. Iturri berritatik edan dugu denok eta galdera, erronka eta ikuspegi berriak ezagutu ditugun heinean, Aditu Titulua hizkuntza gutxituen elkargunerako plazatxoa izan da.

Bestalde, ikastaroan zehar ikasle bakoitzak proiektu bat landu du, bere komunitatean eta bere lan esparruan jatorrizko hizkuntzaren berreskurapena bultzatzeko proiektu bat, hain zuzen ere. Horretarako, ikasle bakoitzak hautatutako alorrean aditua den tutore bat izan du. Euskal Herrian egon ziren bitartean, ikasleek tutoreekin harreman zuzena izan zuten eta proiektuaren nondik norakoak zehaztu zituzten. Etxera itzulitakoan, hiru hilabete izan dituzte tutorearekin harremanetan jarraituz, proiektua definitu, moldatu, landu, zuzendu, eta behin betiko bertsioa aurkezteko. Abenduaren bukaeran jaso genituen, proiektuak, Aditu Titulua amaitutzat emanez, horrenbestez (aurtengo Garabideren egitekoetako bat, proiektu hauen jarraipena egitea izango da, hain zuzen).

Eskerrak eman nahi dizkiegu beraz, Aditu Tituluan parte hartu duten ikasle, irakasle, laguntzaile eta babesle guztiei. Zuen laguntzarik gabe ekimen hau aurrera eramatea ezinezkoa zatekeen.

Lehen edizio honek emandako indarraz eta bultzadaz baliatuz, Garabidek, 2013an egitekoa den Aditu Tituluaren bigarren edizioa prestatzeari ekin dio dagoeneko.

Elkarren berri izango dugulakoan, laster arte, beraz.

 

 

atzera itzuli
© 2009 Garabide · Jose Arana 13. 20540 Eskoriatza, Gipuzkoa / Zumar Parkea 4, 2. 48200 Durango, Bizkaia · Tlf: 943 250 397
A | xhtml | CSS - Iametza Interaktiboak garatuta